XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zenbat eta gorago igo, orduan eta seguruago hago, Beltx, esaten nion neure buruari, eta paretaren ordezko hartan gora jarraitzen nuen larri, mehea eta irristakorraz gain, hanka ipintzen nuen bakoitzean behera egiten zuen paretan gora.

Minutu baten buruan goiko puntan nengoen.

Bat, bi, hiru, lau, salbu! Zakurraren hitza ematen dizuet, ahal izan banu, kaka pila bat egingo niela behetik begirik kentzen ez zidaten emakume hari eta gizon haiei.

Aho zabalik utziko nituen!.

Baina zer egin behar nuen nik han goian? Aldegiteko asmorik gabe, nire jarraitzaileak begira neuzkan eta orain beste lau edo bost gehiago ziren gainera eta nitaz hizketan ari ziren.

Egoera hura oso konprometagarria zen niretzat; ahalegin handiak egin behar nituen lonan behera eroriko ez banintzen.

Nekatzen ari nintzen, aldapa handia bait neukan bi aldetara.

Besteak beste zorabiatzen ari nintzen gainera.

Hezurrak tomatearekin, non sartu nintzen! Nola jaitsi behar nuen garaiera haietatik?.

Ba al dakizue nola jaitsi nintzen? Ba oso erraz: besteak baino irristada handiago baten ondorioz ipurdiaren gainean jaitsi behar izan nuen lonan behera hura txirrista luze bat balitz bezala.

Dragarik draga: frenua gabe jaitsi nintzen eta halako batean... klok! lonaren bukaera iristean lurrera erori eta nire jaiskera aho zabalik ikusi zuen jende haren aurrean eserita geratu nintzen.

- Artista! Benetako artista bat da!- zioen atezain galoidunak, hogeitabat botoietako uniforme haren barrutik.

- Zakur hau jenio bat da.

- Norena da?- galdetu zuen pailazo azkarrak, aurpegia zuriz makilaturik zuenak.

Berehala argitu zen ni ez nintzela inorena.